4. Ondorioak
Pertsona oro izan da, da edo izango da haren bizitzaren ibilbidean familia baten zati, alde batera utzita familia hori osatzen duen pertsona kopurua, horien arteko lotura-mota edo horien ezaugarriak. Izan ere, familia da lehen mailako gizarte-sare oinarrizkoena eta ezinbestekoena, aitortuta dituen barne morfologia-desberdintasunak biltzen dituen gizarte-egitura, baina gure gizartean maitasun–, hezkuntza– eta harreman-funtzio gako batzuk betetzen dituena.
Tradiziozko funtzio batzuk ongizate-estatuari transferitu bazaizkio ere –neurri batean behintzat–, lehen aipatu ditugun funtzioak familiak bakarrik bete ditzake. Ondorioz, familia garapen juridikoak onartutako elementu bat da (soziologia-ikuspegiek eta estatistika-datuek justifikatutakoa).
Beraz, funtzio horiek familiaren erakundeak bakarrik susta ditzakeenez, estatuaren egitekoa da, arauzko garapenen bidez, ahal den neurri onenetan ezar daitezen, eta, bereziki, jarduteko politika zehatzak, batez ere, zaurkortasun gehien pairatzen duten familien kasuetan.
Familia gizarte-aldaketetara egokitzeak argi eta garbi jartzen du agerian ez dela indarra galdu duen erakunde bat, kontrakoa baizik. Izan ere, dinamismoari esker da bistakoa eta gizarte-aldaketaren sustatzailea. Horren ondorioz, laguntzeko politikak dinamikoak izan behar dira eta egungo familien premietara egokitu behar dira, familia-eredu berriak edo zama demografiko txikiagoa duten horiek laguntza publikoetatik kanpo gera ez daitezen.
Txosten hau bezalako batentzat, familiei laguntzeko politika horien azterketa konparatiboa hizpide duenarentzat, gizarte-aldaketek gehitutako zailtasun bat dakarte, familiaren ikuspegi tradizionalagoa baino harago joan behar baita, haurtzaroari eta familia-esparruan eragin handia duten beste egoera batzuk kontuan hartzeari dagokienez.
Horregatik guztiagatik, txosten honek familiaren esparruan eragin handia duten hiru egoera aztertzen ditu: haurrak, adinekoak eta ezgaitasuna eta mendetasuna; horiek familia-izaerako politika publikoak diseinatzean garrantzi handia dutela ulertzen da, egoerok batuz gero, familia-esparruaren egitura eta, ondorioz, estatuaren babeserako premiak aldatzen direlako.
Gauzak horrela, txosten honen ikuspegiak familiei zuzenean lotutako politika publikoen azterketa oinarri izateaz gain, familietan eta horien prestazio modalitateetan (laguntza ekonomikoen edo programa edo zerbitzuen bidez) eragin handia dutenak ere oinarri izango ditu.
Bizitzan zehar, pertsona orok laguntza beharko du familiaren esparruan haren funtzioak burutzean, bai haurtzaroan (funtsean laguntzarako neurriak jasoko ditu) bai heldutasunean (aurreko eta ondorengo ahaideentzako baliabideak jaso eta eskatuko ditu) bai bizitzaren azken urteetan (zerbitzuak jaso edo eman familia-unitatearen esparruan) eta hala izango da alderdi oso desberdinetan, hezkuntza, lanbidea eta familia batzekoa, etxebizitza, ekonomia eta lana edo mendetasunari arreta ematekoa barne.
Beraz, familiaren ikuspegia zeharkako estrategia publikotzat jo behar da, familiaren erakundean modu intentsuagoan eragina duten jarduteko esparru horietan gehitu behar dena eta, hala, familiei laguntza emateko intentsitate maila desberdinak dituen politiken eraztun erradiala eratuko da.